XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aipatu berri ditugun erlazio hauek garrantzi handia dute termino-eraketa prozesuan.

Jar dezagun adibide bat: itsasontzia esateko, bela esatea, hau da zatia osotasunaren ordez.

d) Komunikazioaren teoria: Hizlari eta entzulearen artean ematen den komunikazioa hain zuzen.

Mezuak forma eta edukiari esker iristen zaizkigu, Hizkuntzalaritza-terminotan adierazlea eta adierazia esango genuke.

e) Dokumentazio-zientziak: Zientzia horien bitartez sailkapenerako teknikak ematen zaizkigu.

Teknika horiei esker, informazio eguneratua, eta fidagarria lortzen dugu, eta bestalde ikerketaren emaitzak behar bezala gordetzeko eta erabiltzaileen esku jartzeko bidea ematen digute.

f) Hizkuntz estatistika: Diziplina honek, espezialitateko hizkuntzen berezitasunak ikertzen eta, hitzen eta hizkien maiztasunaren bitartez lexiko jakin bat aztertzen lagunduko digu.

g) Informatika (terminologiaren hizkera berezian terminotika esaten zaio): Ezinbesteko tresna terminologiagintzan eta hizkuntzen industrietan, datuak biltegiratzeko, kontsultak egiteko eta erantzuteko, elkar trukeak egiteko (hau terminologia-bankuen bidez egiten da) eta hiztegi multzo handiak gordetzeko.

Eta honekin batera, jadanik leku askotan saiakuntza baino gehiago diren praktika berri hauek: ordenadorearen bidez egindako itzulpena edo itzulpen automatikoa, dokumentazio-bankuak, adimen artifizialeko programak (sistema espertoak), e. a.

h) Pedagogia: Nozioen definizioak, terminoen aurkezpena, edozein iharduera pedagogikoren oinarrian dago.

Eskuliburuak terminologia-tresna bikainak izaten dira.

i) Itzulpen-zientzia (frantsesez traductologie): Itzulpenaren teoriaren barruan hizkuntza teknikoek edo espezialitateko hizkuntzek gero eta garrantzi handiagoa dute, itzultzaileek gehienetan testu teknikoak itzuli behar izaten baitituzte.

j) Hizkuntzalaritza: Arlo honetako azpi-eremu guztiek espezialitateko hizkuntzez arduratu beharko lukete eta hizkuntza horiek aztertzeko teknikak eman; batez ere lexikologiak, lexikografiak eta pragmatikak.

Orain terminologiaren ezarpen-eremuak aipatu nahi nituzke.

Esan bezala, terminologia teoria eta praktika da, eta biak, bai teoria orokorra bai metodologia, leku askotan dira ezagunak.

Arrazoi ugarik bultzatu dute terminologia-lana.

Eremu asko lantzen du eta premia ezberdinei erantzuteko sortu da.

Hiru ezarpen-eremu bereiztuko ditugu: - Normalizazioa - Zientzia eta teknika-hiztegien antolakuntza, eta - Hizkuntz politikak eta plangintzak. Banan banan ikusiko ditugu: (...).